Gurekin mendian korrika egin nahi?

Mendian korrika aritzen diren pertsonak elkartzeko asmoarekin sortu zen Indamendi mendian korrika sekzioa. Oraindik oso ibilbide laburra dugu eta zurekin batera egin nahi dugu bide hau. Gure erronka nagusia mendian korrika aritzen den eta kirol hau gustatzen zaigun pertsona anitzak osatutako talde bat osatzea da.

Helburu horrekin pasa den urtean hainbat irteera antolatu genituen, eta 2024an ere horixe dugu asmoa, baina oraingoan irteerak distantzia eta zailtasun mailaren arabera antolatuko ditugu, uste dugulako horrela hobeto egokituko garela jendearen nahietara.

Hori horrela, Indamendi mendian korrikak bi maila desberdinetako irteerak antolatuko ditu urtean zehar: oinarrizko maila eta erdi maila.

Oinarrizko maila: mendian korrika egiten hasi nahi duten, tarteka ibiltzen diren, konfidantza hartu nahi duten edota besterik gabe, taldean korrika egin nahi duten pertsonei zuzenduta dago. Maila honetako irteerak 10 km ingurukoak izango dira eta ez dute aparteko zailtasunik izango.

Erdi-maila: mendian korrika egitera ohituta dauden pertsonei zuzenduta dago. Maila honetako irteerak 20 kilometro ingurukoak izango dira eta zailtasun eta desnibel handiagokoak izango dira.

Lasterketak: Jakina da mendian korrika aritzen den pertsona askori lasterketetan parte hartzea gustatzen zaiola, horregatik Indamenik ere talde gisa hor egon nahi du. Horregatik, gure egutegian hainbat lasterketa proposatzen ditugu non taldean joan gaitezken. Hala ere, eskertuko genuke Indamendiko bazkide zaretenoi lasterketetan izen ematean taldea edo kluba Indamendi M.B. jartzea.

Hemen duzu irteera hauen egutegia

Animatu taldean kirola egitera eta bizi honek ematen dituen onurak.

Indamendiko irteera hauetan parte-hartzeko mendian federatuta edo asegururen bat izatea gomendatzen da, izan ere edozein momentutan gerta daiteke zerbait eta Indamendi mendian korrika ez da horren arduradun egiten.
Oharra: kontuan hartu mendian federatu nahi bada, hobe dela lehenbailehen egitea. Aseguruak urte naturala kubritzen du eta ordaindu beharrekoa berdina da urte osoan, ez da aldatzen lehenago edo beranduago federatu.